Nerea Alberdi, bibolinjolea eta konpositorea

Nerea Alberdi

“Disko berrian parte hartzea ilusio handiz hartu dut”

Nerea Alberdi (Bilbo, 1985) bibolinjolea, konpositorea eta musika moldatzailea da. Interprete gisa disko eta musika talde ezberdinen partaidea, nazioarteko jaialdietan musika talde ezberdinekin zuzenekoetan ibili da. Esate baterako, Alann-Bique folk taldearekin, El Cachivache tango orkestrarekin edota Iker Gomez-en dantza konpainiagaz. Travellin’ Brothers Big Band, Zenttric rock taldearekin edo Euskadiko oskestra sinfonikoarekin ere kolaboratu du. Estudioko bibolinjole bezala 30 album baino gehiago grabatu ditu. Gaur egun, Dr. Maha’s Miracle Tonic swing taldean, City Limits bluegrass hirukotean eta Pétit Cinéma proiektuan ari da. Horrez gain, Josu Bergara kantautorearekin eta jazz eta Ganbera-musika formazioekin ere aritzen da.

Hortaz aparte, telebista, publizitatea, bideojokoak eta aplikazio informatikoen soinu bandak egin ditu. Adibide gisa, “Secret chef” euskal telebistako saioaren musika konposatu du edo “Mike’s Mysteries” animazio saiorako sintonia. Zineman ere hainbat produkzioetan parte hartu du. Nerea, Mr.Swing enpresaren sortzailea da, artista ezberdinen kudeaketa eta ordezkaritza lanak egin eta ziklo musikalak antolatzen ditu.

Zer suposatu du zuretzat “Kanta Txikien indarra” diskoan parte hartzea?
Musikaren moldaketak egitea, sormen lan berezia eta ederra da. Egilearen abestiak hartzen dituzu oinarri (zureak Josu, kasu honetan) eta musika eraikitzen hasten zara. Musikaren munduan egin ahal diren hamaika lan kontuan hartuta, moldaketak egitea ederrenetarikoa da. Disko honetan gainera lana ilusio handiz hartu dut, moldaketak egiteaz aparte zuzenekoetan parte hartzen dudalako, zurekin Josu, Mikelekin eta beste musikari askorekin batera jotzea plazer hutsa da. Zuzenean eta akustikoan grabatuko dugunez, oso disko zintzoa izango da, tranparik gabe. Erronka polita. Neurri handi baten proiektua ere nirea sentitzen dut.

Zer espero duzu lan berri honekin?
Lehenengo ta behin moldaketa eder batzuk egitea, grabaketa itzela eta diskoaren soinua primerakoa izan dadila. Ondoren, diskoa argitaratzen denean formatu handiko kontzertuak eskaintzeko aukera izatea nahiko nuke:  zortzi musikariekin batera zuzenekoetan aritzeko.

Zein izango zen zure musika-tresna bibolina joko ez bazenu?
Ufff, ba gaur egun, kontrabaxua esango nizuke. Zoratzen nauen musika-tresna izateaz aparte, talde eta orkestra askotan aurkitu dezakezu, sinfonikoetan eta hari-taldeetan. Gainera, kontrabaxujoleak gehienetan baxua ere jotzen jakin badakite, beraz pop-rock talde askotan parte hartu dezakete. Eta bukatzeko, kontrabaxujole oso gutxi daude, eta aukera asko dituzte talde edota orkestra ezberdinetan parte hartzeko.

Edateko…zer?
Tomate zukua. Ondo prestatutakoa noski!

Maite duzun pelikula.
Metrópolis” Fritz Lang zuzendariarena.

Zure disko kuttuna.
Renato Carosone-ren “Tu vuo’ fa’ l’americano

Eta bukatzeko, liburu bat.
Fedor Dostoievski idazlearen “Karamazov anaiak” eleberria.

Kontzertuak Valentzia inguruan

CARTELL ALACANT

Pau Alabajos kantautoreaz batera Pais Valenciàn datorren astean lau kontzertu eskainiko ditugu. Valentzian, Alacanten eta Almenaran, gure hizkuntzan abestuko dugu.

2011. urtean Bartzelonako euskal etxean lehen aldiz elkarrekin kontzertua eman genuen eta ordutik hona Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian hamaika kontzertu eskaini ditugu: Gernika, Larrabetzu, Donostia, Igorre, Bilbo, Olot, Bartzelona, Valentzia, Benimacleten adibidez.

Asteazkenean, martxoaren 25ean 20:00etan, Valentziako unibertsitatearen filologia fakultatearen areto nagusian bakarrik arituko naiz. Ostiralean, martxoaren 27an 23:00etan biak batera Alacanteko Clan Cabaret aretoan . Larunbatean, martxoaren 28an 16:00etan, Valentziako euskaltzaleok antolatutako korrikaren aldeko jaian kontzertuan egongo gara eta igandean, martxoaren 29an eguerdian, Almenara herrian kontzertu akustikoa eskainiko dugu.

korrika valentzia   josu bergara upv
pau josu

Musika zuzenean webgunean txoko berezia

musika zuzenean

Hemendik aurrera Musika Zuzenean webgunearen komunitatea sailean txoko berezia izango dut. Oinarrizkoa iruditzen zait horrelako proiektuetan parte hartzea, euskal kultura sustatzeaz aparte, musikariontzat tresna interesgarria eta eragikorra delako: kontzertuak ezagutzera emateko, elkarlanean jarduteko eta beste hamaikatxo kontuetarako. Behar beharrezkoa Koldo Otamendi eta kideen lana. Beraz, badakizue, hemendik aurrera Taupaka agendan eta Musika Zuzenean bertan ere nire musikaren berri izango duzue.

Gure kanta

San Mamesen abesteko kantuen lehiaketara aurkeztu naz. Betiko legez, lagunen laguntzaz bideo politxe ein dogu. Eskerrik asko Iñaki, Pili, Garazi, Eneko, Iñigo, Markel, Olatz, Ainara, Conchi, Anasa, Estela, Vero, Kanpillo, Kepa, Karlos, Luis, Apon, Constan, Zohartze, Pablo, Silvia, Ane, Alfonso, Regi, Enara, Javi, Elena, Javier, Txino, Natxo, Martín, Angel, Edorta, Antontxu, Agustin, Carmen, Jabier, Amaia eta Eneritz. Onenak zarie! ;)

Gure kanta (hitzak eta musika: Josu Bergara)
Entzun eizu gure oihua,
entzun eizu gure kanta,
harrobia eta herria,
bihotza zuri-gorria!

Geuria! Geuria! San Mames! San Mames!
Geuria! Geuria! Katedrala! Katedrala!
Athletic bakarra munduan!
Athletic beti geuria! Geuria!