Bilbo

Bilbo

Neska gazte bat Uribarriko aldapan gora,
eskilara mekanikoetan dantzan doa,
euri xumea espaloia laztantzen,
hiri zahar honen zainak garbitzen.

Somera, Iturri, Barrenkale barrena,
kartelak, pegatak, lagunak, tabernak,
zeure kale estuetan umeak ginen,
bizitzaren laberintoan haunditzen.

Faltan botatsut faltan, Bilbo,
erreka ilunaren ispilua goizero,
autobus gorriak ihesi doaz,
faltan botatsut, faltan.

Faltan botatsut faltan, Bilbo,
La Salvetik Arriagara hamabi semaforo,
zenbat oroitzapen, zenbat istorio,
faltan botatsut faltan, Bilbo.

Gizon zaharrak euskaldunara begira,
antzinako gerra galduak oroitzen,
maitaleen besarkada ilunabarrean,
poesia bilatzen graffiti artean.

Neoizko argien hizkuntza isila,
azken gaupasaren disdiraren bila,
gargantuaren arima zulatua,
marijaiaren gonaren azpian bizi da.

ametsgaiztoa

Domu santu egunaren bezpera.

Igandea.

Gaua.

Behelaino iluna.

Picos de Europa mendietan ezkutua dagoen herri txikian, afari oparoa: “mollejas en salsa, chorizo, lengua de chivo, mus de limón, orujo casero“.

Lau ordu geroago, ohean buelta-bueltaka…logelaren orma txurian dagoen  kuadro okertuan,  erdi aroko nekazari txinatarra, niri begira.

Ni, ohe barruan, alde batera, eta bestera, lo errean…eta bapatean: gauerdiko mamua kuadrotik jeitsi da… bere begi sakon eta ilunetan hiru hitz:                liburua, diskoa, bizitza.

Segituan esnatu, eta hiru hitzak telefono mugikorreko agendan idatzi ditut.

Lau egun geroago, hitzak berriz irakurri eta ametsaren esanahia aztertzen saiatu naiz, honezkero hauek dira  hartutako erabaki batzuk:

– Liburu bat idazten hasiko naiz: badakit nola hasi, ez deukot inongo presarik, ezta inolako handinahirik. Idazteko gogoak, besterik ez.

– Diskoa: kanta berriak egiten nabil taldekideekin…baina hoiek denak zentzu global eta zehatz baten faltan zeuden, diskoaren bizkarrezur  nagusia. Uste dut badakidala  diskoaren muinari nola heldu.

– Hirugarrena, proiektu pertsonala. Zalantza barik, beldurgarriena.

– Laugarrena, afalostekoak zaintzea. Ta gero gerokoak.

Ondoloein,

postalak

el cartero (neruda)

Astero Correos-era joaten naz, gutunak edo diskoak bidaltzeko. Aurrekoan lagun batek, internet eta 2.0 garai berrietan oraindik aintzinako zerbitzuak erabiltzea “arraro xamarra zela” (sic), esan zidan.

Agian xelebre, arraroa eta zertxobait zoroa izango naz, baina posta bidez bidaltzen eta jasotzen direnak xarma berezia dutela iruditzen zait. Eta bide batez, correosekoei milesker nire disko bidalketa guztietan laguntzeagatik.
Adibide gisa, gaur betan lau disko bidali ditut posta bidez (Bilbo, Gorliz, Gasteiz eta Hondarribira).

Argazkian El cartero (y Pablo Neruda) pelikularen kartela. Bide batez, post honek bere soinu banda ikaragarria beste behin entzuteko balio daiela.

hurrengo geltokia

Metalezko barraren babespean,
metroko bagoien arteko gomazko amildegian bizi naiz,
egunero,
egunero,
egunero ikusten zaituztet,
gertu gertutik.

Marradun korbata iluna eta traje grisez jantzitako gizona,
bere PDAren agindupean dago,
harro begiratzen du,
bihotzaren izotza aspaldi urtu zaiola.

Ondoan parrezka neskatxak,
udaberriko lore garbiak,
gaur,
gaur,
gaur lehen aldiz,
ezpainak gorriz margotu dituzte.

Futbol taldeko kamiseta duen mutil gazteak,
iPOD-aren unibertsoan murgilduta,
maitasuna noiz itzuliko den zain,
segunduak zenbatzen ditu.

Egunkaria eskuetan,
metal sektoreko langile jubilatua,
begietan mila greba,
mila,
mila,
mila borroka galdu.

Hurrengo geltokia, Santurtzi