Diskoaren edizioa bukatzen

David Sanchez grabaketan

Hiru hilabete pasa dira ekainaren 18an Bilboko Kafe Antzokian zuzenean diskoa grabatu genuenetik. Ordutik hona estudioan egun batzuk (nahiko egia esateko) eman ditugu edizio lanetan.

Izan ere, zuzenean grabatutakoa nahiko txukun zegoen, argi eta ozen entzuten zen, baina emaitza hobetzeko asmoarekin, ahotsak garbi jartzen, soka laukoteak grabatutako zatiak moldatzen eta bateria zein baxuaren detaileak hobetzen asteak joan zaizkigu. Prozesu guzti honetan gidaria eta maisua, David Sanchez Damián produktorea eta teknikaria izan da, Bigorringo estudioaren arduraduna.

Hurrengo pausua diskoa masterizatzea izango da. Horren arduraduna Ibon Larruzea izango dugu, Euridia estudioan. Bukatzean, Sara Prieto Pajares diseinatzailearen diseinu dotorearekin egindako kopiak prestatuko ditugu. Eta azaroaren 3an, gure lan berria Bilboko Kafe Antzokian goizeko 11:00etan prentsa aurrekoan aurkeztuko dugu. Badator gure “Kanta Txikien Indarra”.

josu bergara grabatzen

Zuzenekoa prestatzen

Karramarroen Hiria” (Autoedizioa, 2006), “Nora zoaz” (Autoedizioa, 2009) eta “Katiuska gorriak” (Taupaka elkartea, 2012) diskoak argitaratu ondoren, eta Euskal Herriko zein Bartzelona, Madril, Valentzia, Girona, Alacant eta Londres moduko hirietan zuzeneko kontzertuak eskaini ostean disko berria prestatzeko garaia heldu zaigu eta ekainaren 18an 21:30etan Bilboko Kafe Antzokian.

Laugarren lan honek “Kanta txikien indarra” izenburua izango du eta Nerea Alberdi (bibolina), Mikel Nuñez (pianoa), Txema Arana (bateria) eta Daniel Gonzalez (baxua) musikarien laguntzarekin Bilbon zuzeneko berezia eskainiko dugu. Gaizka Peñafiel trikitilaria, Maria Rivero eta Mikel Markez abeslariak ere parte hartuko dute disko berrian.

Mikel Nuñez, pianojolea

Mikel Nuñez

“Diskoa zuzenean grabatzea esperientzia berria eta berezia izango da”

Mikel Nuñez Lauzirika, (Durango, 1983) Durangoko musika eskolan hasi zen pianoagaz eta 18 urtegaz Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga kontserbatorioan sartu zen J.A. Latorregaz ikesten. Bertan Grado medio amaitu zuen 2005. urtien. 2006an Kresala taldien sartu zen eta Durangoko Rock Izar eskolan hasi solfeo, piano eta armoniako irakasle moduen. Orain, Musikenen, Jazz goi mailako ikasketen 4. eta azken kurtsoan dabil murgilduta Iñaki Salvador handiagaz ikesten. Ordutik hona talde askotan parte hartu du, Argamboys, EDAN, Antton, Sweet Margot, Broken Snails, Mr Swing jazz band, Herri Maite akordeoi taldea, Swingpapers, … Eta hainbat grabazino eta estudioko lanak. Honetaz aparte moldaketak eta konposaketak egin ditu dokumental eta laburmetairako, bataz beste Bideografik Ekoizpenak enpresarako, eta Bigorringo estudioagaz elkarlanean. Mr. Swing enpresakin ere pianista moduan lan ugari egin ditut 2010etik hona.

Noiz hasi zinen pianoa jotzen?
Zazpi urterekin akordeoia hasi nintzen aitagaz etxien, eta 8kin pianoagaz hasi nintzen. Ordutik hona ez naz gelditu.

Zer suposatuko du zuretzat “Kanta txikien indarra” diskoan parte hartzea?
Esperientzia berria eta berezia izango da. Aurreko diskoan be parte hartu neban, baina behin diskoa landuta zegoela. Oin berriz hasierako lana ere ikusiot eta zuzenean Josukin lantzeko aukera izan dot. Bestalde, diskoa zuzenean grabatuko da, oin arte ez dot euki aukerarik holako grabazino bat eiteko eta publikoak eragiten dauen urduritasun puntu hori politte izango dala usteot.

Zein da zure helburu nagusia musikari moduan?
Bizi guztia daramat musikan murgilduta ta gustauko jaten honetaz bizi ahal izatea, eta bestalde kalitatezko lana eskeintzea, bai publikoa baita ni neu ere gustora gelditzea eiten dotenagaz.

Edateko…zer?
Momentuan arabera, baina zerbeza hotz bat beti ondo sartzen da.

6. Maite duzun pelikula:
Ufff, Forrest Gump edo El Pianista. Baina gehien ikusiotena El Señor de los anillos.

Zure disko kuttuna.
Azkenaldian “Invisible Cinema” Aaron Parks.

Eta bukatzeko, liburu bat
Irakurri dodan azkena “La catedral del mar” izan da.

Nerea Alberdi, bibolinjolea eta konpositorea

Nerea Alberdi

“Disko berrian parte hartzea ilusio handiz hartu dut”

Nerea Alberdi (Bilbo, 1985) bibolinjolea, konpositorea eta musika moldatzailea da. Interprete gisa disko eta musika talde ezberdinen partaidea, nazioarteko jaialdietan musika talde ezberdinekin zuzenekoetan ibili da. Esate baterako, Alann-Bique folk taldearekin, El Cachivache tango orkestrarekin edota Iker Gomez-en dantza konpainiagaz. Travellin’ Brothers Big Band, Zenttric rock taldearekin edo Euskadiko oskestra sinfonikoarekin ere kolaboratu du. Estudioko bibolinjole bezala 30 album baino gehiago grabatu ditu. Gaur egun, Dr. Maha’s Miracle Tonic swing taldean, City Limits bluegrass hirukotean eta Pétit Cinéma proiektuan ari da. Horrez gain, Josu Bergara kantautorearekin eta jazz eta Ganbera-musika formazioekin ere aritzen da.

Hortaz aparte, telebista, publizitatea, bideojokoak eta aplikazio informatikoen soinu bandak egin ditu. Adibide gisa, “Secret chef” euskal telebistako saioaren musika konposatu du edo “Mike’s Mysteries” animazio saiorako sintonia. Zineman ere hainbat produkzioetan parte hartu du. Nerea, Mr.Swing enpresaren sortzailea da, artista ezberdinen kudeaketa eta ordezkaritza lanak egin eta ziklo musikalak antolatzen ditu.

Zer suposatu du zuretzat “Kanta Txikien indarra” diskoan parte hartzea?
Musikaren moldaketak egitea, sormen lan berezia eta ederra da. Egilearen abestiak hartzen dituzu oinarri (zureak Josu, kasu honetan) eta musika eraikitzen hasten zara. Musikaren munduan egin ahal diren hamaika lan kontuan hartuta, moldaketak egitea ederrenetarikoa da. Disko honetan gainera lana ilusio handiz hartu dut, moldaketak egiteaz aparte zuzenekoetan parte hartzen dudalako, zurekin Josu, Mikelekin eta beste musikari askorekin batera jotzea plazer hutsa da. Zuzenean eta akustikoan grabatuko dugunez, oso disko zintzoa izango da, tranparik gabe. Erronka polita. Neurri handi baten proiektua ere nirea sentitzen dut.

Zer espero duzu lan berri honekin?
Lehenengo ta behin moldaketa eder batzuk egitea, grabaketa itzela eta diskoaren soinua primerakoa izan dadila. Ondoren, diskoa argitaratzen denean formatu handiko kontzertuak eskaintzeko aukera izatea nahiko nuke:  zortzi musikariekin batera zuzenekoetan aritzeko.

Zein izango zen zure musika-tresna bibolina joko ez bazenu?
Ufff, ba gaur egun, kontrabaxua esango nizuke. Zoratzen nauen musika-tresna izateaz aparte, talde eta orkestra askotan aurkitu dezakezu, sinfonikoetan eta hari-taldeetan. Gainera, kontrabaxujoleak gehienetan baxua ere jotzen jakin badakite, beraz pop-rock talde askotan parte hartu dezakete. Eta bukatzeko, kontrabaxujole oso gutxi daude, eta aukera asko dituzte talde edota orkestra ezberdinetan parte hartzeko.

Edateko…zer?
Tomate zukua. Ondo prestatutakoa noski!

Maite duzun pelikula.
Metrópolis” Fritz Lang zuzendariarena.

Zure disko kuttuna.
Renato Carosone-ren “Tu vuo’ fa’ l’americano

Eta bukatzeko, liburu bat.
Fedor Dostoievski idazlearen “Karamazov anaiak” eleberria.